HISTORIA

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sorrera

MONTSERRAT GÁRATE OJANGUREN
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerarioa

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea 1764an sortu zen, Azkoitiko Insausti jauregian zenbait urte lehenagotik egiten ziren solasaldien haritik. Peñafloridako kondeak, Xabier Maria Munibek, bultzatu zituen solasaldi horiek, hain zuzen. Ilustratuen talde horri eta, batez ere, Peñafloridako kondeari esker, Plan de una Sociedad económica o academia de agricultura, ciencias y artes útiles y comercio delakoa egin zuten, eta, 1763an, Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu, plan hori idatzi zutenek beren inguruko ekonomia sustatzeko zuten interesaren erakusgarri. Horrexegatik hartzen da Peñafloridako kondea Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sortzailetzat, nahiz eta bakarra ez izan.

Plana aurkeztu eta handik urtebetera, Gipuzkoako proiektu ilustratu horrek hiru euskal probintziak batzea lortu zuen, eta halaxe sortu zen Espainiako lehenengo sozietate ilustratua. Hiru esku batu (hirurak bat) dira bat-egite horren ikur. Salvador Carmonaren garai hartako grabatu batek irudikatu zituen hiru esku batu horiek. 250 urte igaro badira ere, oraindik ere erakundearen bizitzaren ardatz da bat-egite hori. Elkartearen estatutuen 1. artikuluan jaso zen: "Elkarte honen helburua Euskal Herriak Zientziekiko, Arte eta Letra Ederrekiko duen joera eta zaletasuna lantzea, ohiturak zuzendu eta fintzea eta euskaldunen arteko batasuna gehiago sustatzea da".

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea gorpuzteko lehenengo ekintza garrantzitsuenetako bat izan zen Bergarako Errege Mintegia sortzea. 1776an sortutako erakunde hori ikerketaren eta irakaskuntzaren aitzindari izan zen Euskal Herrian. 1778an, kimika-laborategi bat ireki zuten. Laborategi horretan, Mintegiko irakasle Juan Jose eta Fausto Elhuyarren lanari esker, metal berri bat isolatzea lortu zuten, 1783an: wolframioa. Halaber, kimikako eta metalurgiako katedrak sortze aldera, izen handiko irakasleak kontratatu zituzten (besteak beste, Chabaneau fisikaria, Proust kimikaria eta Thunborg minerologoa). Era berean, Elkarteko kide batzuk atzerrira bidali zituzten ikastera, gero Mintegian irakasle izan zitezen. Hainbat lekutako ikasleek ikasi zuten Mintegian. Itsasoz bestaldeko ikasle ugari izan ziren Mintegian. Horietatik, gehienak Kubakoak ziren (31), gero Mexikokoak (21), eta gero Peru aldekoak (13).

Hasieran, Elkarteak zenbait bazkide-kategoria izan zituen: numerarioak
(8 probintzia bakoitzeko) eta supernumerarioak eta meritu onekoak. Gaur egun, estatutu berriek ezabatu egin dute numerarioen kopuru mugatua. Bestalde, bazkide ugari atzerrikoak ziren, hots, Europakoak eta Ameriketakoak. Pertsona horiek, oro har, itzal handia zuten, besteak beste, jurisprudentziaren, diplomaziaren, zientziaren, literaturaren eta ekonomiaren arloan.

Europako bazkideen artean, frantsesak izan ziren nagusi, eta, horien artean, batzuek ekarpenak egin zituzten metalurgiaren eta kimikaren arloan (Grignon, Rouelle, D'Arcet, Daubenton, Guyton de Morveau, Fourcroy, Vauquelin eta abar). Edonola ere, zalantzarik gabe, mexikar bazkideak izan ziren ugarienak. 1775ean, Elkarteak, orotara, 868 bazkide zituen Madrilen, Cádizen, Sevillan, Ameriketan eta Filipinetan, eta, horietatik, 500 baino gehiago mexikarrak ziren.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak 250 urteko historia du, eta hiru etapa izan ditu. Lehenengo etapa lehenengo urteei dagokie; hau da, sortu zenetik, hots, 1764tik, XIX. mendearen hasierara arte. Peñafloridako kondea 1785ean hil zen, eta, hurrengo urteetan, Bergarako Mintegiak eta Elkarteak makalaldi bat izan zuten, baina ez ziren desagertu. XIX. mendearen hasierako gatazka politikoak zirela-eta, Bascongada desagertu egin zen ia. Bergarako hezkuntza-erakundeak martxan jarraitu zuen, beste izen eta helburu batzuekin; Elkarteak, aldiz, ez. XIX. mendearen amaieran, ordea, euskaldun talde batek, Elkartea suspertzeko asmoz, berriro heldu zion aitzindarien espirituari, ilustratuen printzipioei jarraituz, baina unean uneko egoera kontuan hartuta. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen bigarren etapa deritzo aldi horri. XX. mendeko 30ko urteetan, Elkartearen jardunak behera egin zuen berriro ere. 1943an, ordea, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea berriro suspertu zen, indar dezenterekin suspertu ere, Jose Maria de Areilzaren etxean egindako bilera baten ostean. Bileraren helburua, hain justu ere, Elkarteari bizigarri eta bizi berria ematea zen. Izan ere, XX. mendean, Euskalerriaren Adiskideei zegokien, Mutrikoko konde zenaren hitzetan, "kultura salbatzea denboraren erasoetatik eta jendearen ezaxolatik", hots, haiei zegokien Muniberen pentsamoldea eguneratzea, gure garaian kokatuz.

Hortik aurrera, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak lanean jardun du gaur arte, hasierako helburuei jarraituz, baina estatutuak eta helburuak eguneratuta. Hasieran, bazkide numerarioen kopurua mugatua zen: zortzi numerario hiru probintzietako bakoitzeko. Muga hori, baina, bertan behera gelditu da, onuragarria baita merezimendu handiko pertsonek bazkide numerario izateko aukera izatea.

Elkartearen egiturari dagokionez, hiru batzorde daude: batzorde bat probintzia bakoitzeko. Batzorde horien biltzar zuzendariak hiru urtetik behin hautatzen dira. Horretaz gainera, Elkarteak Batzar Orokor bat du. Batzar Orokor horrek ordezkatzen du Elkarte osoa, Elkartearen zuzendariaren lehendakaritzapean. Zuzendaria da Elkarteko lehendakaria, eta hiru urtetik behin hautatzen da.

Gaur egun, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, probintzia bakoitzean dituen batzordeez gain, bi ordezkaritza ditu: bata gortean, hasieran sortu zen bezala, eta, bestea, Mexikon; izan ere, gaur egun ere, XVIII. mendean bezala, hango bazkideek garrantzi handia dute.

 

Bibliografia:

Aguilar Piñal, Francisco, Bibliografía de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País en el siglo XVIII, San Sebastián, 1971.
Actas del I Seminarios de Historia de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, en el Bicentenario de la muerte del Conde de Peñaflorida, 1785-1985, San Sebastián 1986.
Actas del II Seminario de Historia de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, San Sebastián.
La Real Sociedad Bascongada y América, III Seminario de Historia de la RSBAP, Fundación BBV, Documenta, Bilbao, 1992.
La RSBAP y México, IV Seminario de Historia de la Bascongada, San Sebastián-México, 1994.
La RSBAP y Europa, V Seminario de Historia de la RSBAP, Madrid, 1999.
Urquijo, Ignacio: "Discurso pronunciado en el salón del Seminario de Vergara el 27 de setiembre de 1964, por D. Ignacio de Urquijo, Embajador de España. Los primeros tiempos de la Real Sociedad y su repercusión", San Sebastián, 1964.
Felipe Lorenzo, Emilio: "El Real Seminario Bascongado de Vergara y sus alumnos de Ultramar", América y los Vascos. Presencia vasca en América, Gobierno Vasco, San Sebastían, 1991, pp. 223-236.
Martínez, Julián: Filiación de los seminaristas del Real Seminario Patriótico Bascongado y de Nobles de Vergara, San Sebastián, 1972.
Recarte, María Teresa: Ilustración vasca y renovación educativa, Colección Ilustración vasca, Salamanca, 1990.

Gehiago irakurri...

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta Amerika

MONTSERRAT GÁRATE OJANGUREN
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerarioa

Elkartea sortu ostean, Espainian eta Ameriketan hainbat elkarte ilustratu sortu ziren. Ilustrazioaren espiritua itsasoz bestalde zabaltzeko mugimenduaren baitan, deigarria da Kubako Santiagon, Habanan, Guatemalan eta Perun sortutako herrialdearen adiskideen elkarteetako bazkide batzuk Euskalerriaren Adiskidearen Elkartearen kide ere bazirela. Horretaz gainera, itsasoz bestalde, ideia ilustratuetan oinarritutako elkarteak sortu ziren, baina Mexikoren kasua aski berezia izan zen. Izan ere, Mexikon ez zen herrialdearen adiskideen elkarterik sortu; edonola ere, mexikar asko bilakatu ziren Elkartearen meritu oneko bazkide.

Kuban, bi elkarte ilustratu sortu ziren: bata, Kubako Santiagon (1787), eta, bestea, Habanan (1792). Edonola ere, Real Sociedad Económica de Amigos del País de La Habana elkartearen jarduna soilik da kontuan hartzeko modukoa, nahiz eta Santiagokoaren ondoren sortu. Bi elkarteok harreman egonkorra izan zuten Euskalerriaren Adiskideen Elkartearekin. Kubako Santiagoko elkarteak, sortu eta handik gutxira, Bergarako Mintegiari irakasle bat eskatu zion haurren hezkuntza-programarako, bai eta liburuak ere, irakasleak irakasteko erabil zitzan.

Dena den, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak harreman estuagoa izan zuen Sociedad Económica de Amigos del País de La Habana elkartearekin, elkarte horretako zenbait kide Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkide ere izan baitziren. Elkarte honen meritu oneko bazkide izandako 63 kubatar bazkideak Habanan bizi ziren. Gehienak hiri horretan jaioak ziren, edo kreoleak ziren. Horien artean, gehienak merkatariak ziren, eta, gero, kopuru txikixeagoan, funtzionarioak (administrazioaren goi-karguei eta Habanako tabako-faktoriari lotuak) eta militarrak. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearekin zuten harremanak azaltzen du zergatik zeuden hainbeste kubatar ikasle Bergarako Mintegian (ikasle horietako gehienak bazkide horien semeak ziren).

Peruren kasua eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearekin zuen harremana aski berezia da. Lohmann Villenak esandakoaren arabera, euskal elkarte ilustratuaren meritu oneko bazkideek oso jardun intelektual eredugarria izan zuten Perun: konprometitu egin ziren lurralde hartan ilustrazioaren babesean sortutako elkarteen zereginekin, basailuen zoriontasuna eta nazio osoaren garapen ekonomikoa bermatze aldera —ilustrazioaren oinarrien arabera—.Meritu oneko bazkide haiek oso eginkizun garrantzitsua izan zuten Diario de Lima eta Mercurio Peruano argitalpenetan. Bi argitalpen horiek kulturaren adierazpide izan ziren —kultura oro har hartuta—; bizitza intelektualari eta haien herrialdearen ongizateari lotutako alderdi ororekiko irekitasunaren adierazgarri ziren. Esate baterako, Mercurioren harpidedunen artean —318 harpidedun ziren, gutxi gorabehera—, 46 Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkide ere baziren. Argi dago pertsona horiek eragin handia izan zutela garai hartako gizartean. Batzuk goi-funtzionarioak ziren; beste batzuk aristokratak; eta beste batzuk merkatariak. Goi-funtzionarioen artean zeuden, besteak beste, bi erregeorde (Guirior eta Jáuregui), erregeorderriko tropen ikuskariorde nagusi bat, gero magistratu izan zena (Avilés), Limako auzitegiko fiskal bat (Gorbea), Limako epaile bat (de la Mata) eta Limako hiru ministro. Aristokraziaren, hala tituludunaren nola ordena militarrekin sarituaren, taldekoek, aristokrata izateaz gain, erantzukizun handiko kargu politikoak bete zituzten, edo industria-jardueratan aritu ziren. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko 46 bazkideetatik, 10 Santiagoren Ordenako zaldunak ziren, eta 3 Kalatrabako zaldunak, eta 3 Karlos III.aren ordenako zaldun egin zituzten. Batzuek, horretaz gainera, noblezia-tituluak zituzten. Orobat egon ziren bazkideen artean, besteak beste, ontzi-jabeak eta Kontsulatuan karguak zituzten merkatariak.

Edonola ere, talde bat besteetatik nabarmendu zen, pentsamoldearen eta literaturaren arloko dohainengatik, bai eta talentuagatik, irakaspenengatik, heziketa-mailagatik eta ideia aurreratuengatik ere. Talde handiena eta bikainena izan zen talde hori.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko meritu oneko bazkide horietako gehienak Sociedad Académica de Amantes de Lima (edo Real Sociedad de Amigos del País Limano) elkarteko kide ere egin ziren. Mercurio Peruano argitalpena izan zen, hain zuzen ere, elkarte horren adierazpide gailena.

Peruko hiriburutik kanpo ere egon ziren Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko zenbait kide. Zehazki, Arequipa hirian, Elkarteko 32 bazkide izan ziren. Lanbideari dagokionez, asko militarrak ziren, bai eta administrazioan lan egiten zuten gizonak eta elizbarrutiko kargu garrantzitsuak bete zituzten erlijioso gorenak ere. Horien artean, aipatzekoa da Juan Domingo de Zamácola, haren obra idatzia nabarmentzeko modukoa baita. Hortaz, Elkarteko meritu oneko bazkide dezente izan ziren Arequipan, eta, halaber, Arequipako ikasle ugari izan ziren Bergarako Mintegi Abertzalean; hala nola, Cosío eta Urbicain, eta O'Phelan eta Recavarren, euskal bazkideen semeak.

Pentsamolde ilustratuak Arequipan izan zuen hedapenari esker, Sociedad Mineralógica de Arequipa sortu zen. Elkarte hori argi eta garbi zen ilustratua, eta helburutzat zuen meatzeak ikertzea eta ikerketaren bidez ustiapena sustatzea, "ugariagoak izaki, ez gaitezen izan Peruko baliabide naturalen administratzaile hutsak" —horixe esaten zen haien helburuetan hitzez hitz—.Zuzendaritza, hasieran, zazpi bazkidek osatzen zuten. Horietatik, bost Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkideak ziren.

Mexikori dagokionez, nabarmentzekoa da Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkideen kopurua zinez handia izan zela: 500 baino gehiago. Harrigarria da, halaber, Mexikon ez zela sortu herrialdearen adiskideen elkarterik. Euskalerriaren Adiskideen Elakarteko kide egin ziren guztiek lotura jakin bat zuten Elkartearekin: lotura horren oinarria ez zen herrikide huts izatea, baizik eta familia-loturak eta ideal bertsuak izatea eta baterako ekintzak egitea.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko meritu oneko kide egin zirenen taldeak eragin handia izan zuen Mexikon, arlo intelektualean, ekonomikoan eta politikoan. Talde horretako batzuk zientziaren eta humanitateen arloan nabarmendu ziren, eta, haien lanarekin eta pentsamenduarekin, kultura zabaltzen lagundu zuten (Alzate, Martínez de Aguilera, Arregui, Elhuyar —Mexikora joan zen, Meatzaritzako Eskolako zuzendari izateko—, Lasaga, etab.). Haietako askok Espainia Berriko ekonomia aldatzen eta borboitarren erreformetara egokitzen lagundu zuten, erakundeetan bete zituzten karguen bidez; hala nola, Kontsulatuan (Basoco, Iratea, Icaza), aduanetan (Astigarreta), Espainia Berriko administrazioan (Bucareli erregeordea; Indietako Kontseiluko Villaurrutia epailea eta Viana epailea, Tepako kondea izan zena) eta udal gobernuetan (besteak beste, Goytia, Villasante eta Victorica alkate nagusiak). Halaber, horietako asko aritu ziren, Mexikoren independentziaren ostean, ekonomia nazionala antolatzen.

Edonola ere, merkatarien taldea zen, ziur asko, nabarmenena. Horietako asko, ondasundunak, meatzariak eta abar izateaz gain, hainbat erakundetako gobernatzaileak eta administratzaileak ere baziren. Eragin nabarmena izan zuten Mexikoko ekonomian, eta partaidetza nabarmena izan zuten Kontsulatuko gobernu-organoetan, prioreen eta kontsulen karguak bereganatu baitzituzten.

Buenos Aireseko bazkideen kopurua ezin da alderatu, esate baterako, Mexikoko bazkideen kopuru handiarekin. Edonola ere, José Maria Maríluz Urquijo historialariak azpimarratu zuenez, elizako goi-dignatarioak, goi-mailako administrazio-funtzionarioak eta handizkako merkataritzan ziharduten pertsonak biltzea lortu zuen Euskal Erriaren Adiskideen Elkarteak. Pertsona horiek guztiek xede bera zuten: bizi ziren lekuaren baldintza ekonomikoak, kulturalak eta sozialak hobetzea. Ekintza-gizonak ziren, praktikoak, eta gizartea aldatu nahi zuten, eta jakintza baliagarria zabaldu, bizi-baldintza hobeak lortzeko. Baina nortzuk egon ziren Euskalerriaren Adiskideen Elkarteari lotuta? Goi-funtzionarioen artean, aipatzekoak dira, besteak beste, erregeordeak (Vértiz, del Pino, Avilés), gobernadoreak (de la Mata Linares), burokratak (Albizuri), negozio-gizonak (Sarraeta —zerga-biltzaile ordea izan zen, eta Elakarteko ordezkaria, Ugarterekin batera—) eta merkatariak. Eta Elkartearen Kubako eta Mexikoko bazkideekin gertatu zen antzera, haien semeetako batzuk ere Bergarako Mintegiko ikasle izan ziren (hala nola, Manuel eta Mariano Sarraeta).

Buenos Airesen ere ez zuten lortu herrialdearen elkarte ekonomiko bat sortzea, nahiz eta ahaleginak egin. Edonola ere, Buenos Airesen argitaratutako lehenengo egunkarian, Telégrafo Mercantil, Rural, Político-Económico e Historiógrafo del Río de la Plata zeritzon horretan, artikulu bat jaso zen herrialdearen elkarte abertzaileei buruz, elkarte horiek zuten hedapenaren seinale. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko meritu oneko bazkide batzuek merkataritza askearen ideiak zabaltzen eta Kontsulatua sortzen parte hartu zuten, Río de la Platako erregeorderriko merkataritza bultzatzeko.

Ameriketako beste herrialde batzuetan, hala nola Guatemalan, Mompoxen eta Puerto Ricon, ez zen Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko bazkiderik izan (edo, izatekotan, oso gutxi izan ziren; esaterako, Guatemalan, bakar bat identifikatu da). Dena den, ez dago zalantzarik eragina izan zutela herrialde horietan herrialdeko adiskideen elkarteak sortu zituztenean. Herrialde horietan, bazuten Euskalerriaren Adiskidden Elkartearen estatutuen eta helburuen berri. Are gehiago, elkarte ilustratuak sortu zituztenean, gogoan hartu zituzten estatutu eta helburu horiek, betiere leku bakoitzeko ezaugarriak eta egoerak kontuan hartuta.

 

Bibliografia:

La Real Sociedad Bascongada y América. Fundación BBV, colección Documenta, Bilbao, 1992.
La RSBAP y Méjico. Actas del IV Seminario de Historia de la RSBAP, San Sebastián-Mexico, 1994.

Gehiago irakurri...

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta Europa

MONTSERRAT GÁRATE OJANGUREN
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta Europa

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eta Europaren arteko harremana aztertzeko, kontuan hartu behar dugu, batetik, atzerriko elkarteek eta akademiek eragina izan zutela Elkartearen sortzaileengan, eta, bestetik, Europako aditu ugari Elkartearen meritu oneko bazkide egin zirela.

Peñafloridako kondeak, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sortzaileak, bazekien Europan bazeudela zenbait elkarte eta akademia. Peñafloridako kondeak izandako prestakuntza eta atzerrira egindako bidaiak funtsezkoak izan ziren Elkartea sorrarazteko. "Nazioaren interesak sustatze aldera patrizio prestu jakin batzuekin bat egiteko" ideia (Bernardo Wardek esan zituen hitz horiek 1762an) funtsezkoa izan zen zientzia-elkarteak sortzeko Irlandan, Suedian, Frantzian eta Toskanan. Haien helburuetako bat zen bazkideen esperimentuen eta behaketen emaitzak aplikatuz nekazaritza hobetzea. Adibide horiei jarraituz, Peñafloridako kondeak asmo hau zuen, Elkartea sortu zuenean: jakintza-tenplu bat izatea, mota guztietako onurak sortzeko herrialderako, letra ederrak eta arteak landuz.

Gehiago irakurri...

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta Musika: 250 urtez Euskal Herriko Musika sormenaren, interpretazioaren, ikerketaren eta hezkuntzaren eragile

JON BAGÜES ERRIONDO
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerarioa

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak harreman estua eta etengabea izan du musikarekin, Elkartearen historiaren hiru aldietan. Ez dago zalantzarik besteak beste musikak elkarrarazi zituela Elkartearen sortzaileak, hots, Bergaran 1764an ospatzen ziren festak abiapuntu hartuta Elkartea sortu zuten pertsonak. Musikak orobat izan zuen garrantzi handia Elkartearen jardunean, XIX. mendetik XX. menderako trantsizioan. Elkartearen hirugarren aldiko ekintzetan ere musikari ugarik hartu dute parte.

Gehiago irakurri...

logo-ikurra2

EUSKALERRIAREN ADISKIDEEN ELKARTEKO ZUZENDARITZA

Intsausti Jauregia
P.K. 105 – 20720 AZKOITIA
Tel. 943 285 577
E-posta: intsausti.rsbap@gmail.com

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our Privacy Policy.

I accept cookies from this site