Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta Bergarako Real Seminario Patriótico Bascongado delakoa
INÉS PELLÓN GONZÁLEZ
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerarioa
Bergarako Mintegia XVIII. Mendean
Bergarako Mintegia lehenengo aldiz ikusten duenari irudituko zaio, zalantzarik gabe, eraikin paregabe baten aurrean dagoela. Irudipen hori eraikinaren hormek baiezta lezakete. Hormek, hitz egin ahalko balute, esango lukete lehen mailako irakaskuntza -eta ikerketa- zentro baten aterpe izan zirela eta zentro hori aitzindari izan zela bertan irakatsi ziren diziplina zientifiko eta teknikoetan. Zentro gogoangarri horren bultzatzaile nagusia Xavier Maria de Munibe eta Idiáquez (1729-1785) izan zen, Peñafloridako zortzigarren kondea. Beste zaldun prokuradore batzuekin batera, elkarte bat sortu zuen, Europan garai hartan zeuden zientzia-akademien ereduaren arabera. Elkartea 1764ko abenduaren 24an sortu zen, formalki. Erregearen babesa jaso zuenean, Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País - Euskalerriaren Adiskideen Elkartea (EAE), izena hartu zuen. Mota horretako lehenengo erakundea izan zen, eta interes handia piztu zuen bere garaikideen artean.
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta Arteak
JUAN LUIS BLANCO MOZO
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerarioa
Ilustrazioaren abentura hasi zenetik, arte ederrek garrantzi handia izan zuten Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen hezkuntza-proiektuan. Arte ederren artean, marrazkigintza egokitzen zen hobekien Elkartearen sortzaileen espiritu pragmatikora eta zientzia baliagarriekiko joera bizira. Marrazkigintza ez zuten diziplina estetika hustzat hartzen. Alderantziz, ezinbestekotzat hartzen zuten arte mekanikoak perfekzionatzeko; are gehiago, edozein ogibideren oinarrizko gramatikatzat hartzen zuten, Pedro Rodríguez de Campomanesek Discurso sobre el fomento de la industria popular (Madril, 1774) delakoan adierazitako printzipioen arabera. Marrazkigintza Lehen Hezkuntzan sartu zuten; Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Loiolan, Bergaran, Gasteizen, Bilbon eta Donostian zabaldutako letras menores delakoetako eskoletan, hain zuzen. Marrazkia oinarrizko ikasgai bat zen merkataritzako eta artisautzako lanbide-jarduerak garatzeko. Bergarako Errege Mintegiaren ikasketa-planean ere leku garrantzitsua izan zuen.
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta Euskara
EMILIO MÚGICA ENECOTEGUI
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerarioa
Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen lehenengo estatutuetan (1765eko estatutuetan), besteak beste, helburu hauek ezarri zituzten: euskara lantzea eta aberastea, euskaraz idatzitako testu bitxienak hautatu eta biltzea, poesia hobetzea, eta Irurac bat hartzea Elkarte berri horren ezaugarri eta lelotzat. Bergarako Mintegiko ikasleen araudiak zioenez, ikasleek lehenik eta behin nazioko hizkuntzak ikasi behar zituzten, hots, euskara eta gaztelania, nahiz eta latinak eta frantsesak ere lehentasuna izan. Euskal Herriko diglosia-egoeran zergatia da euskaraz inguruko hizkuntzetan baino geroago hasi zirela idazten eta, horren ondorioz, euskal hiztunak analfabetoak zirela, Elizaren estamentua salbu.
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Basogintza eta Botanika
JORGE ASKASIBAR ZUBIZARRETA
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerarioa
Lerro labur hauen helburua da aipatzea, eskematikoki bada ere, zer-nolako garrantzia eman zion EAEk, besteak beste, basogintzari eta botanikari. Hain zuzen ere, orain, dokumentuen corpusa digitalizatu dugu; funtsean, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen historia ezagutarazteko. Corpusean hau guztia bildu dugu: Ensayo, 1768, I. liburukia; Estatutuak, II. liburukia; 1773tik 1781ra arteko akten laburpenak, III. liburukia; 1771tik 1793ra arteko Laburpenen sail luzea, IV. liburukitik XI. liburukira.