HISTORIA

Gaspar Munibe Tello, Valdeliriosko II. markesa

(Huamanga, Peru, 1711 – Madril, 1793)
Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen zuzendaria gortean (1768-1793).

Pertsona hau zinez garrantzitsua da euskal ilustrazioak Madrilen izandako bilakaera ulertzeko; izan ere, hogei urte baino gehiagoz, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen ordezkari gorena izan zen borboitarren estatuaren erakundeetan.

Elkartearen estatutuetan, inoiz ez zen jaso gorteko zuzendariaren kargua. Edonola ere, kargu horren bidez, Madrilen bizi ziren proiektu ilustratuaren aldekoak batu zituen, eta hainbat ekimen nabarmen sortzeko kudeaketak egin; hala nola, Bergarako Errege Mintegia eta Legatza Arrantzatzeko Konpainia —azken ekimen hori bertan behera gelditu zen—. Haren inguruan eta Madrilgo zerga-biltegi ordearen kutxaren inguruan, pertsona talde bat antolatu zen, Loiolako San Inazioren Errege Kongregazioari oso lotua; horien artean, aipatzekoak dira Eugenio de Llaguno (1724-1799) eta Domingo de Marcoleta (1717-1796).

Peñafloridako kondearen ahaide urruna zen —edonola ere, "osaba" eta "iloba" esaten zioten elkarri—, eta horregatik lortu zuen horren postu nabarmena Euskalerriaren Adiskideen Elkartean. Nolabait, Munibetarren Madrilgo ordezkaria bilakatu zen, eta Munibetarrek Elkartearen barruan zuten nagusitasuna bermatu zuen. Ahaide urruna izan arren, gure protagonistak oso lotura estua izan zuen leinuarekin, eta leinua iraunarazteko eta handitzeko lan egin zuen; besteak beste, ahal zuen guztietan kondearen semeen prestakuntza bultzatuz.

Haren ibilbide profesionalak lotura handia izan zuen Ameriketako kontuekin. 1750ean, Espainiaren eta Portugalen artean adostutako muga berriak ezartzeko komisario izendatu zuten; huraxe izan zen haren ibilbide profesionaleko une nabarmenetako bat. Misio horrek, ordea, atsekabe ugari sortu zizkion, bai eta etsai ugari ere, Jesusen Konpainiako kideen artean. Horretaz gainera, Indietako kontseilaria izan zen (1750), eta Indietako Ganberako kidea (1785) eta estatuko kontseilaria (1792). Erakutsitako leialtasunaren ordainetan, Karlos III.ak Ganberako kapare kargua eman zion (1777). Madrilgo Ekonomiaren Errege Elkarteko bazkide sortzaileetako bat izan zen, eta lehenengo zuzendari hautatua (1779). Haren jakin-nahi ilustratuaren emaitza izan ziren postu horiek.

 

logo-ikurra2

EUSKALERRIAREN ADISKIDEEN ELKARTEKO ZUZENDARITZA

Intsausti Jauregia
P.K. 105 – 20720 AZKOITIA
Tel. 943 285 577
E-posta: intsausti.rsbap@gmail.com

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our Privacy Policy.

I accept cookies from this site