HISTORIA

Aguirre Ortés de Velasco, José María, Montehermosoko V. markesa

(Gasteiz, 1733-1798)
Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen bigarren biziarteko zuzendaria (1785-1798).

Arabako ilustrazioaren pertsona garrantzitsuetako bat izan zen. Aguirretarren nahiek eta interesek ilustrazioa bultzatu zuten Araban. Familia horrek dinastia berriaren babesa izan zuen, Felipe V.ak, penintsulara iritsi berritan, aguirretarren Gasteizko jauregian ostatu hartu eta Vicente José de Aguirre Zárateren alargun María Antonio de Salcedo Chávarrirekin maitemindu zenetik. 1708an, aguirretarrek Montehermosoko markesgoa eskuratu zuten, eta, orduz geroztik, oso lotura estua izan zuten gorteko munduarekin. Horretan lagungarri izan zen mendearen erdialdean Tiburcio Aguirre Ayanz, gure protagonistaren osaba, Madrilen egon izana.

Tituluaren ondorengotza-lerroko bigarrena izaki, José María Aguirrek karrera militarra egin zuen, eta, 40ko urteen amaieran, Napoliko kanpainan borrokatu zen. 1760ra arte, Italian egin zuen zerbitzua, eta Rossellóko zalditeria-erregimentuko teniente koronela bilakatu zen. Aljeriako espedizioan parte hartu zuen (1775), bai eta Gibraltarko blokeoan ere (1779). Gero, teniente jeneral egin zuten, eta, 1786tik aurrera, Gipuzkoako kapitaintza jeneralaren buru izan zen.

Tiburcio Aguirrek eragin handia izan zuen Aguirre anaien hezkuntza eta prestakuntza intelektualean. Zaharrena, Francisco Javier (1732-1763), Montehermosoko IV. markesa, zientzia zalea zen. Espainiako Errege akademiako ohorezko kidea (1750), supernumerarioa (1751) eta numerarioa (1754) izan zen. Gure protagonista, 1763tik Montehermosoko V. markesa izan zena, natura-historiaren eta arte ederren zalea zen. Gasteizko egoitzan, museo bat sortu zuen. Bertan, natura-historiari lotutako pieza bitxiak zeuden ikusgai, bai eta italiar eta espainiar maisuen margolanen bilduma bikain bat ere. Osabaren bitartekotzaren bidez, meritu oneko akademiko izendatu zuten, San Fernandoko Akademiaren margolanagatik (1756).

Euskalerriko Adiskideen Elkartea sortzen parte hartu zuen. Bazkide aktiboenetako bat izan zen; izan ere, haren lehengusu Peñafloridako kondearen laguna izan zen, eta Madrilen postu ona izan zuen. Madrilen hainbat eginkizun egin zituen proiektu ilustratuaren alde. Gasteizen 1766an egindako Batzar Nagusietan, hitzaldi bat eman zuen arkitekturari buruz, eta, gero, hitzaldi hori Ensayo de la Sociedad Bascongada delakoan argitaratu zen (Gasteizen, 1768an), titulu honekin: Discurso sobre la comodidad de las casas, que procede de su distribución exterior e interior. Lorenzo Prestamerorekin batera argitaratu bide zuen Guía de Forasteros en Vitoria por lo respectivo a la tres bellas artes de Pintura, Escultura, y Arquitectura, con otras noticias curiosas que nacen de ellas (Gasteiz, 1792). 1785ean hil zen, Peñafloridan; urte hartan izendatu zuten Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen biziarteko zuzendari.

 

logo-ikurra2

EUSKALERRIAREN ADISKIDEEN ELKARTEKO ZUZENDARITZA

Intsausti Jauregia
P.K. 105 – 20720 AZKOITIA
Tel. 943 285 577
E-posta: intsausti.rsbap@gmail.com

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our Privacy Policy.

I accept cookies from this site