HISTORIA

Xabier Maria Munibe Idiakez, Peñafloridako VIII. kondea

(Azkoitia, 1729 – Bergara, 1785)
Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen lehenengo biziarteko zuzendaria (1764-1785).

Gizon giltzarria, XVIII. mendearen bigarren erdialdean sortutako euskal ilustrazioaren erroak eta garapena ulertzeko. Bera izan zen Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sustatzaile nagusia eta alma materra. Elkartea 1764ko Gabon-egunean sortu zen, Azkoitiko Insausti jauregian, eta 1765eko apirilaren 8ko Errege Aginduaren bidez onartu. Gure protagonistaren prestakuntzari dagokionez, erabakigarria izan zen Frantziako Tolosako jesuiten ikastetxean ikasi izana; izan ere, zuzenean ezagutu zuen bere garaiko kultura frantsesa, eta, bide batez, Europako elkarte ilustratuen ereduen berri izan zuen; batez ere, elkarte akademikoen eta nekazaritza-elkarteen berri. Entziklopedismo ilustratuaz puztutako prestakuntza frantsestu horri fisika esperimentalaren eta antzerkiaren arloan zuen jakin-nahia gehitu behar zaio. Jakin-nahi horrek bultzatuta, bilera batzuk antolatu zituen. Narrosek Azkoitiko "bilera akademikoak" esan zien bilera horiei. Bilera horiek bide eman zuten bileretan parte hartzen zuten pertsona berritzaileen itxaropenak ilustrazioaren ikuspuntutik balioesteko.

Proiektu ilustratua osatzeko, erabakigarria izan zen Madrilgo Gortean Gipuzkoako diputatu gisa koinatu Martin Jose Areizagarekin batera egindako egonaldia (1758-1762). Zuzenean izan zuen borboitarren ekimen erreformisten berri, eta akademizismo ilustratua ezagutu zuen —besteak beste herrikide hauekin izandako harremanei esker: Tiburcio de Aguirre (1707-1767), Agustín de Montiano (1697-1764) eta Francisco Javier de Aguirre (1732-1763), Montehermosoko IV. markesa—. Joaquín de Eguíarekin eta, agian, Manuel Ignacio de Altuna Porturekin (1722-1762) batera idatzi zuen Los aldeanos críticos, o cartas críticas sobre lo que se verá (1758) saiakera satirikoa, P. Francisco de Islak Fray Gerundio de Campazas (1758) lan zinez ezagunean zientzia esperimentalaren aurka egindako kritikei erantzuteko.

Jakintza-multzo oparo horrek bultzatuta idatzi zuen Plan de una sociedad económica o academia de agricultura, ciencias y artes útiles y comercio delakoa, eta, 1763an, Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu. Plan hori da Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sorreraren aurrekari zuzena, nahiz eta Elkartea bera baino mugatuagoa izan. Zalantzarik gabe, Bergarako Errege Mintegia ireki izana da gure protagonistaren lorpen handienetako bat.

Haren arbasoen antzera, Peñafloridako VIII. kondeak aktiboki hartu zuen parte bere garaiko politikan: Azkoitiko alkatea izan zen (1747tik 1748ra, 1755ean eta 1765ean), bai eta diputatu nagusia (1746an, 1750ean, 1754an, 1758an eta 1761ean) eta Gorteko Gipuzkoako diputatua ere (1758an).

 

logo-ikurra2

EUSKALERRIAREN ADISKIDEEN ELKARTEKO ZUZENDARITZA

Intsausti Jauregia
P.K. 105 – 20720 AZKOITIA
Tel. 943 285 577
E-posta: intsausti.rsbap@gmail.com

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar su navegación y realizar labores analíticas. Para obtener más información sobre las cookies que utilizamos y cómo eliminarlas, consulte nuestra Política de Cookies.

Acepto las cookies de este sitio.