HISTORIA

Altuna Portu, Manuel Ignacio

(Azkoitia, 1722-1762)

Eginkizun garrantzitsu bat betetzekoa zen Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen proiektu ilustratuan, baina ezin izan zuen bete, garaia baino lehenago hil baitzen, eta, hori dela eta, haren adiskideek eta bidaideek, hots, Peñafloridak eta Narrosek, ezin izan zuten haren jakintzaz aprobetxatu. Izan ere, buruargia zen, eta aurreratua, eta Frantziako berrikuntzen berri zuen; batez ere, hezkuntzaren eta zientziaren arloko berrikuntzen berri. Jaioterriko jesuiten ikastetxean egin zituen lehenengo ikasketak (1732-1734), eta, gero, 1736an, Madrilgo Nobleen Errege Mintegira joan zen. Hezkuntza-erakunde hori ere Jesusen Konpainiako fraideek gobernatzen zuten. Garai hartan, erakunde hori modernizatzen saiatu ziren, borboitarren erreformismoaren babespean.

Haren prestakuntzaren une gorena Italiara egindako bidaia bat izan zen. 1743an, Veneziara iritsi zen, eta Jean-Jacques Rousseau ezagutu zuen. Zaletasun berberak zituzten: musika eta arteak. Zaletasun horiek harreman estu baten oinarri izan ziren. Parisen ere harremanetan jarraitu zuten, azkoitiarra Parisen bizi izan baitzen 1744tik 1745era. Han, zientzia-ikasketak osatu zituen, genevar filosofoak bultzatuta.

1746. urteko lehenengo egunetan, jaioterriko alkate egin zen. Orduan, bizitzako beste etapa bati ekin zion. Etapa horretan, ideia ilustratuak hezurmamitzen saiatu zen Gipuzkoako gizarte-errealitatean. Horretarako, batetik, udal-boterea erabili zuen, eta probintziako kontuetan esku hartu, Gipuzkoako diputatu nagusia izan baitzen, eta, bestetik, Azkoitiko akademiako solasaldien protagonista izan zen, Xabier Maria Muniberekin eta Joaquín de Eguíarekin lankidetza estuan. Jarduera horrek bi ardatz nagusi izan zituen: gazteak hezteko ardura, batetik, eta jardun zientifikoa eta teknikoa, bestetik. Horiexek izan ziren hainbat urte geroago Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen ideologiaren ardura nagusietako bi.

Horretaz gainera, aurrekoekin batera idatzi zuen Los aldeanos críticos, o cartas críticas sobre lo que se verá (1758). P. José Francisco de Islak urte horretan argitaratutako Fray Gerundio de Campazas lanean jasotako hipotesi eskolastiko eta aristotelikoei bete-betean erantzuten die lan horrek, eta, halaber, Luis Antonio Verny portugaldar teologoaren eta haren pentsamolde bereko beste autore batzuen zientzia esperimentalaren eta erreformismo pedagogikoaren alde egiten du.

Bizitzako azken urteetan, posta-trukea izan zuen Rousseaurekin. Dirudienez, Rousseauk idatzi zuen Instrucction d'un père à son fils sur la manière de se conduire dans le monde deritzon eskuz idatzitako opuskulua. Arabako Lurralde Historikoko Artxibategian gordeta dago lan hori. Manuel Ignacio Altuna Zuluagak, gure protagonistaren semeak, aurkeztu zuen opuskulu horren gaztelaniako itzulpena Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen Batzar Orokorrean, 1767an.

 

logo-ikurra2

EUSKALERRIAREN ADISKIDEEN ELKARTEKO ZUZENDARITZA

Intsausti Jauregia
P.K. 105 – 20720 AZKOITIA
Tel. 943 285 577
E-posta: intsausti.rsbap@gmail.com

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our Privacy Policy.

I accept cookies from this site