HISTORIA

Joaquín de Eguía Aguirre, Narroseko III. markesa

(Azkoitia, 1733 – Gasteiz, 1803)
Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen idazkariordea, bitarteko idazkaria (1773) eta biziarteko idazkaria (1774-1803).

Peñafloridako kondearen laguna zen, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortzen eta garatzen lagundu zuen. Zientziari buruzko jakintza zabala zuen, eta idealismo abertzale sakona eta antolatzeko gaitasun bikaina. Horiexek izan ziren, hain zuzen, Elkarteari egin zizkion ekarpenak. Haren prestakuntzari dagokionez, datuak baieztatzeke dauden arren, badirudi atzerrian izan zela, ziur asko Frantzian. Edonola ere, ziurtasunez esan dezakegu Zaragozan, Salamancan eta Madrilgo Nobleen Errege Mintegian ikasi zuela eta fisikan eta kimikan jakintza-maila handia lortu zuela. Insausti jauregiko solasaldi akademikoetako protagonistetako bat izan zen, Manuel Ignacio Altuna Porturekin eta Peñafloridako kondearekin batera.

Aktiboki hartu zuen parte Plan de una sociedad económica (1763) idazten, eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen bazkide sortzaileetako bat izan zen. Elkartean egin zuen lanaren zati handi batek Bergarako Errege Mintegiko ikasketak antolatzea izan zuen helburu. Karlos IV.ak fisikako, kimikako eta mineralogiako katedren biziarteko zuzendari izendatu zuen (1787). Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide batzuek izendapen horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuten, eta, horren ondorioz, EAEko kontuetatik aldendu zen, aldi batez. Frantsestua, entziklopedista eta Voltaireren berriemailea izaki, hainbatetan salatu zuten Inkisizioaren aurrean, Elizaren doktrinari buruz gauza eskandalagarriak esateagatik. 1768an, kondenatu egin zuten. Gipuzkoako gerra-diputatu izan zen, eta Frantziako Konbentzioko tropen inbasioari aurre egin behar izan zion, tropek Gipuzkoa hartu zutenean.

Uste da hark idatzi zuela Elogio a don Javier Munibe Idiaquez, conde de Peñaflorida. Metastasioren La Clemencia de Tito lana itzuli zuen. Horretaz gainera, Bordeleko Zientzien, Letra Ederren eta Arteen Errege Akademiako kide izan zen, bai eta Real Sociedad Económica Matritenseko kide ere.

 

logo-ikurra2

EUSKALERRIAREN ADISKIDEEN ELKARTEKO ZUZENDARITZA

Intsausti Jauregia
P.K. 105 – 20720 AZKOITIA
Tel. 943 285 577
E-posta: intsausti.rsbap@gmail.com

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our Privacy Policy.

I accept cookies from this site