HISTORIA

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, Basogintza eta Botanika

JORGE ASKASIBAR ZUBIZARRETA
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerarioa

Lerro labur hauen helburua da aipatzea, eskematikoki bada ere, zer-nolako garrantzia eman zion EAEk, besteak beste, basogintzari eta botanikari. Hain zuzen ere, orain, dokumentuen corpusa digitalizatu dugu; funtsean, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen historia ezagutarazteko. Corpusean hau guztia bildu dugu: Ensayo, 1768, I. liburukia; Estatutuak, II. liburukia; 1773tik 1781ra arteko akten laburpenak, III. liburukia; 1771tik 1793ra arteko Laburpenen sail luzea, IV. liburukitik XI. liburukira.

Liburuki horiek, beren osoan, bibliografia-lan bitxi bat ziren, eta faksimile-edizioan argitaratu ziren, 1985ean, honi esker: Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, Obra Cultural de la Caja de Ahorros Municipal de San Sebastián.

Baskongadaren adierazpide eta haren ideien eta berrien hedabide izaki, "Los Extractos" aldizkaria Iberiar penintsulan agertutako lehenbiziko zientzia-aldizkarietako bat izan zen. Urteroko Sección Segunda delakoan, besteak beste, Nekazaritzako eta Landa Ekonomiako Lehenengo Batzordeen txostenak eta berriak ikus daiteke. Txosten eta berri horiek, gaur egun, jakintza-arlo askoko zientzia-aldizkari baten laburpen gisa har daitezke (ROMAN POLO P. 2000, 153. or.).

Badago XII. liburuki bat, 1985ean argitaratua. Liburuki horrek hau guztia biltzen du: 1765etik 1793ra arteko EAEko Kideen Katalogo Orokorra, Julián Martínez Ruizek egina; EAEri buruzko Bibliografia, José Ignacio Tellechea Idígorasek bildua; eta Laburpenetan aipatzen diren Pertsona, Gai eta Lekuen Aurkibidea, María Camino Urdiain Martinezek egina.

Kideen Katalogo Orokorrak, alfabetikoki zerrendatutako egileen Bibliografiak eta María Camino Urdiainek egindako Aurkibideak osatu egiten dute Laburpenetan aipatzen diren Pertsona, Gai eta Lekuen zerrenda alfabetikoa; zehazki, pertsona, gai eta leku horiek zer urtetako Laburpenean eta zer orrialdetan agertzen diren adierazten dute. Hori, hein batean, lagungarria da kontsultak egiteko. Esate baterako, hau irakur dezakegu: BOTANICA, Jardín Botánico, 74,58-62. Horrek adierazten digu 1774ko Laburpena kontsultatu behar dugula, 58. orrialdetik 62. orrialdera arteko orrialdeak.

María Camino Urdiainek hizpide dugun gaiaren gainean aztertutako Laburpenez gain, Ensayo delakoa (1768, I. liburukia) irakurtzea gomendatzen dugu. Bertan, 71. eta 72. orrialdeetan, Robinia pseudoacacia edo sasiakazia sartzeari buruzko berri bat dago. Hiru arrazoi hauengatik gomendatzen zuten zuhaitz hori: 1) haren hostoak abereentzako janari direlako, espezie leguminoso bat baita; 2) haren adarrekin burdinoletarako egur-ikatza sor daitekeelako; eta 3) haren zura eraikuntzarako eta zurgintzarako erabil daitekeelako (horrexetarako erabiltzen da orduz geroztik).

Bestalde, Ensayo delakoan bertan, 94. orrialdetik 122. orrialdera arteko orrialdeetan, oso lan osatu bat irakur dezakegu, Gasteizen 1766ko apirilaren 19an egindako Batzar Nagusian aurkeztu zena. Lan horrek bide ematen du jakiteko zer-nolako ezagutza eta interesa zuten baso-mintegien eta basogintzako lanen gainean: ereintza-garaiak, hazien geruzapena, birlandatzea eta abar; lur-mota aukeratzea, espezie garrantzitsuenen eta erabilienen arabera (haritza, pagoa, gaztainondoa, lizarra eta intxaurrondoa); landatzeko modua; zuhaitzak udazkenean eta neguan birlandatzearen esperientziak; landatze-esparrua; landareak abereetatik babestea; kimatzeko garaia eta modua; zuhaitz lepatuen aprobetxamendu-txanda; zuhaitz-tantaiak hazteko eta bideratzeko modua, etab.

Arlo horietan, Duhamelek, Ligerek, Hallek, Dupuyk eta atzerriko beste egile itzaltsu batzuek proposatutako metodoak eta "bertako metodoak" erkatzen dira.

Lapurpenak irakurriz gero, botanikari buruzko hainbat erreferentzia topatuko ditugu. Erreferentzia horiek xehe-xehe landu zituen GOICOETXEA MARCAIDAK (1990). GOICOETXEA MARCAIDAK eta M. Nieves M. SIGÜENZAK lankidetzan jardun zuten, eta Baskongadako kide batzuek Ameriketatik eta Filipinetatik bidalitako sendabelarren berri eman zuten (1992, 339-359 or.).

Oraintsuago, 2007an, María Camino Urdiainek natura-zientzien arloko lan bat egin zuen (EAEren Arabako Batzordeak argitaratu zuen). Lan hori Lorenzo Prestamero y Sodupe (1733-1817) presbiteroaren biografiari buruzko da. Lan horretan, egileak hizpide ditu Arabako kideek Gasteizko mintegietan eta baratze esperimentaletan izandako esperientziak, herbario bat osatzeko lanak, Gómez Ortegaren Plan de Flora Bascongada delakoaren ondorio zen lorategi botanikoaren proiektua eta arlo horretako hainbat ekimen, Prestameroren artxibategiko agirietatik atereak.

 

Bibliografía 

ASCASIBAR ZUBIZARRETA, J. 1993. Contribución de la RSBAP a la difusión de la Selvicultura en el último tercio del siglo XVIII. Sarrera-hitzaldia, EHAEko zenbakidun adiskide gisa, 1993ko maiatzaren 25ean. Nuevos Extractos, EAEren Buletinaren 6 G gehigarria.
GOICOETXEA MARCAIDA, A. 1990. La Botánica y los Naturalistas de la Ilustración Vasca. Ilustración Vasca bilduma. I. liburukia. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea.
M. SIGÜENZA, M. N. eta GOICOETXEA MARCAIDA, A. 1992. Envíos de plantas medicinales de América y Filipinas por algunos socios de la Bascongada. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen III. Historia Mintegia. BBV Fundazioa. Documenta. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta Amerika.
MONTAGUT CONTRERAS, E. 2000. La Sociedad Bascongada y la defensa de los árboles en el siglo XVIII. Sarrera-hitzaldia, zenbakidun adiskide gisa, 2000ko ekainaren 22an. Gorteko ordezkaritza.
ROMAN POLO, P. 2000. Los hermanos Delhuyar, la Bascongada y el Wolframio. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea. Bizkaiko Batzordea.
URDIAIN MARTINEZ, M. C. 2007. Las Ciencias de la Naturaleza en la biografía de un ilustrado. Lorenzo de Prestamero y Sodupe 1733-1817. Euskalerriaren Adiskideen Elkartea. Arabako Batzordea.

logo-ikurra2

EUSKALERRIAREN ADISKIDEEN ELKARTEKO ZUZENDARITZA

Intsausti Jauregia
P.K. 105 – 20720 AZKOITIA
Tel. 943 285 577
E-posta: intsausti.rsbap@gmail.com

We use cookies to improve our website and your experience when using it. Cookies used for the essential operation of the site have already been set. To find out more about the cookies we use and how to delete them, see our Privacy Policy.

I accept cookies from this site