HISTORIA

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta Euskara

EMILIO MÚGICA ENECOTEGUI
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerarioa

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen lehenengo estatutuetan (1765eko estatutuetan), besteak beste, helburu hauek ezarri zituzten: euskara lantzea eta aberastea, euskaraz idatzitako testu bitxienak hautatu eta biltzea, poesia hobetzea, eta Irurac bat hartzea Elkarte berri horren ezaugarri eta lelotzat. Bergarako Mintegiko ikasleen araudiak zioenez, ikasleek lehenik eta behin nazioko hizkuntzak ikasi behar zituzten, hots, euskara eta gaztelania, nahiz eta latinak eta frantsesak ere lehentasuna izan. Euskal Herriko diglosia-egoeran zergatia da euskaraz inguruko hizkuntzetan baino geroago hasi zirela idazten eta, horren ondorioz, euskal hiztunak analfabetoak zirela, Elizaren estamentua salbu.

Peñafloridak gaztelaniaz eta euskaraz idatzi zuen. Euskaraz idatzi zituen musika-lanen artean daude lehenengo euskal operatzat hartzen den El borracho burlado operaren zati abestuak, goitizenpean 1762ko Eguberrietarako idatzitako Gavon sariac deritzen diren Gabon-kantak, Kandelario Egunerako idatzitako Irten ezazu kanta, Adio provintziya zortzikoa eta Aita gurea. Campomanesi euskal hiztegi bat egitea bururatu zitzaion, eta Peñafloridak horren alde egin zuen. Azpitarte hasi zen hiztegia egiten (Azpitarte euskararen akademia sortzeaz mintzatu zen), eta Aizkibel lan horretaz baliatu zen. Peñaflorida atsekabetuta zegoen Madrilen uzkurkeria zela eta; izan ere, Madrilek ez zuen nahi inork euskarazko testurik ematea Elkarteari. Erlijioso batek gutun bat bidali zion Muniberi Valladolidetik, eta euskaraz idazteko eskatu zion, isil-mandatua bermatzeko. Tamalez, ez dugu Muniberen erantzuna. Erantzuna izanez gero, jakingo genukeen nolakoa zen bere heriotzaren bigarren mendeurrenean Euskaltzaindiaren omenaldia jaso zuen gizonaren euskarazko gutun-estiloa. Edonola ere, bere seme Ramoni idatzitako gutun batean, hauxe esan zuen: "euskaraz idatzi duzun zatiak atsegin handia eman digu, ez bertan jasotzen diren berriengatik bakarrik, baita zure sorterriko hizkuntzari diozun estimuaren froga delako ere.

Bergarako Mintegian, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko goi-mailako bazkide jakin batzuen ondorengoek euskara erabiltzen zuten harengetan eta ikasleei agurtzeko jendaurreko ekitaldietan. Euskalduntasuna aintzat hartu zuten, herrialdearen bilakaeran postu gailenak beteko zituztenen prestakuntzan. Horren seinale, kontuan hartu zituzten Euskal Herriko historia, geografia eta kultura. Baina, ikasle ugari hartu zituztenez beste leku batzuetatik, baita itsasoz bestaldetik ere, zailtasunak handitu egin ziren; batez ere, hizkuntzari dagokionez. Elkartearen lehenengo estatutuetan, garrantzia eman zioten gaztelaniaren gramatika eta ortografia irakasteari, eta, hori dela eta, elkar hartu eta Elkarteko testuak egokitu zituzten. Edonola ere, bazkideetako batzuk kexatu egin ziren. Behin eta berriro ekarri zuten hizpidera printzipio bat; zehazki, sorterriko hizkuntzaren gramatika zela irakatsi behar zen lehenengo gramatika. Bazkide horiei ikusarazi zieten gobernu-arau batzuek behartu egiten zituztela gaztelania erakustera, eta gogora ekarri zieten ohitura bat, ikasgelan euskaraz hitz egiten zuten ikasleak eraztuna eramatera behartuz zigortzekoa.

Bestalde, hizkuntza-batasuna onuragarria zen Ilustraziorako. Ildo horretatik, Foronda zeritzon bazkide gailenak gauzak beren erabilgarritasunaren arabera balioesten zituen, eta, haren ustez, ez zen onuragarria hizkuntza bat baino gehiago izatea komunikaziorako eta industria eta merkataritza indartzeko (Forondak proposatu zuen Espainia zati karratutan banatzea eta zati bakoitzari zenbaki bat ematea, baina izenik ez). Moguel, Peru Abarka liburuaren egilea eta Bergarako Mintegiko irakaslea, foruetan euskara defendatu zuen lehenengo pertsonatzat hartua izan da, eta esan zuen errukia sentitzen zuela haurrak euskara erromanizatzen ikusten zituenean.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea lehenengo pausoak ematen hasi baino apur bat lehentxeago, Larramendi jesuitak, euskararen defendatzaile sutsua izaki, esan zuen euskaldunek ez bide zutela beren hizkuntza balioesten eta ez zutela ezta gutunik ere idazten euskaraz eta Zumárraga apezpikuak 1537an Mexikotik idatzitakoa bitxikeria bat zela. Hortaz, Elkartearen lehenengo aldiko gutunetan, ez zen euskararik erabili, elkarren arteko adiskidetasunaren loturak indartu zirenean, nahiz eta naturaltasunez erabili euskara Azkoitiko solasaldietan hiru kide hauek: Munibek, ordurako Peñafloridako konde zenak; Eguíak, Narroseko markesa izango zenak; eta Altunak, haren lagun Rousseauren Aitorkizunak liburuan goretsia izan zenak. Hasierako bilera xume haietatik akademia antzeko zerbait sortu zen. Bertan, zientziaz, filosofiaz, historiaz eta literaturaz aritzen ziren, musika lantzeaz gain.

Haien ardura ilustratuak, hasieran, hezkuntzan hezurmamitu ziren; horren emaitza da Mintegiak garaiz garai izan duen proiektu pedagogikoa. Peñafloridak zioenez, irakaskuntza zen Elkartearen helburu nagusia eta bakarra, harik eta, argiak zabaltzean, argiok helburu zehatzetan eta behar bezala aplikatzeko garaia iristen zen arte. Eta garaia iritsi zelako seinale, irakaskuntzan literatura, musika eta zientzia arloa batu zituzten. Laboratorium chemicum delakoan wolframioa isolatu eta platina urtu zuten —aurkikuntza horiek zabaldu ziren gehien—. Horrekin batera, nekazaritza, artisautza eta industria sustatu zituzten. Elkarte zibil bat sortu zuten eta elkarte horrek ez zuen inoiz bere egin "elkarte ekonomiko" izendapena, naiz eta handik aurrera Gobernuak beste lekuetan Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen antzera sustatutakoak "elkarte ekonomiko" deitura izan.

Peñaflorida zendu ostean, Mintegian hainbat arazo azaleratu ziren, hala nola arazo ekonomikoak, eta arazo horiek Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen jardunari eragin zioten. Orobat eragin zion Herrialdeen Adiskideen Elkarteen gainbeherak, bai eta Frantziako Iraultzak eragindako susmo inkisitorialek eta Independentzia Gerrak.

Gaur egungo Euskalerriaren Adiskideen Elkartea 1944an sortu zen berriro, euskalduntasunarekiko susmo txarrak nagusi ziren giroan eta hainbat oztopo gainditu ostean.

Aipatzekoa da Azkoitian 1965ean Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen bigarren mendeurrena ospatzeko egindako ekitaldien amaiera. Besteak beste, Hezkuntzako ministroa eta Industriakoa izan ziren bertan. Elkartearen buruak Hezkuntzako ministroari gogorarazi zion euskal hiztun asko zeudela eta jakinarazi zion beharrezkoa zela euskara ikasteko katedrak izatea Elkarteak egoitzak zituen hiru probintzietan eta Nafarroan. Lora Tamayok laguntza eskaini zuen; izan ere, bidezkoa eta zintzoa iruditu zitzaion hizkuntzari eusten laguntzeko asmoa, filologia-ikerketa serio baten esparruan, betiere. Ildo horretatik, 2002an, ohiz kanpoko eztabaida-batzar bat antolatu zenean, onetsitako ondorioetako bat izan zen euskara bultzatu egin behar zela, Elkartea sortu zenean bezalaxe; edonola ere, batzuek adierazi zuten gizartean euskara gutxi erabiltzen dela eguneroko bizitzan. Hortaz, euskara sustatze aldera, erabaki zen jendaurrean eta argitalpenetan euskararen erabilpena sustatzea, eta aipatu zen Elkarteak laguntza berezia emango ziola Egan aldizkariari eta euskal hizkuntzaren eta literaturaren mintegi bat sortu nahi zuela.

Elkarteak 250 bete dituen honetan, euskara gero eta maizago erabiltzen da ekitaldietan eta argitalpenetan. Azken urteetako argitalpenen artean, aipatzekoa da Berraondoren Don Kijote Mantxako itzulpenaren facsimilea, azterlanak eta irudiak dituena, bai eta lan horren antologia bat euskara batuan eta Yrizar dialektologoaren oroitidazkien argitalpena ere. Horretaz gainera, 2007ko "Ilustrazioa, Ilustrazioak" Nazioarteko Batzarrean, komunikazio batzuk aurkeztu zituzten euskaraz, eta, 2012an, Elkartea Madrilen egon zen, beste erakunde batzuekin batera, euskarari buruzko jardunaldi batzuetan. Jardunaldi horietan, euskarak etorkizuna duela azpimarratu zuten, eta ekitaldi bat egin zuten euskara goresteko. Edonola ere, argitalpen aipagarriena Egan da. Gure buletinaren gehigarri hori 1948az geroztik argitaratzen da (Frankismo betean hasi zen argitaratzen, beraz). Hasieran, itzal handiko pertsonen idazkiak jaso zituen, euskaraz eta gaztelaniaz, eta, gero, euskara hutsean. 1954an, gauzak aldatu egin ziren, Asmo berri izenburuko editoriala kaleratu zenean. Editoriala idatzi zutenek xedetzat hartu zuten kultura-maila handia lortzea, estilo bizia lantzea eta gaurkotasuneko gaiak jorratzea. Aldizkariak xede hori bete zuen, atal hauen bidez: ikerketa eta sormena, haurren eta gazteen literatura, adabakiak izenarekin multzokatutako hainbat gai, kritikak eta berri laburrak. Horretaz gainera, aldizkariak aparteko inprimaldiak egin ditu, eta zinez lan interesgarria egin du Iparraldean, Euskaltzaleen Biltzarraren bidez.

logo-ikurra2

EUSKALERRIAREN ADISKIDEEN ELKARTEKO ZUZENDARITZA

Intsausti Jauregia
P.K. 105 – 20720 AZKOITIA
Tel. 943 285 577
E-posta: intsausti.rsbap@gmail.com

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar su navegación y realizar labores analíticas. Para obtener más información sobre las cookies que utilizamos y cómo eliminarlas, consulte nuestra Política de Cookies.

Acepto las cookies de este sitio.