HISTORIA

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta Musika: 250 urtez Euskal Herriko Musika sormenaren, interpretazioaren, ikerketaren eta hezkuntzaren eragile

JON BAGÜES ERRIONDO
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerarioa

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak harreman estua eta etengabea izan du musikarekin, Elkartearen historiaren hiru aldietan. Ez dago zalantzarik besteak beste musikak elkarrarazi zituela Elkartearen sortzaileak, hots, Bergaran 1764an ospatzen ziren festak abiapuntu hartuta Elkartea sortu zuten pertsonak. Musikak orobat izan zuen garrantzi handia Elkartearen jardunean, XIX. mendetik XX. menderako trantsizioan. Elkartearen hirugarren aldiko ekintzetan ere musikari ugarik hartu dute parte.

XVIII. mendeko Elkartearen jardunaren baitan musikariek hasieran egin zuten lana zinez berritzailea izan zen Euskal Herrirako: musika-lan berriak egin zituzten, euskaraz, eta genero konplexu bat landu zuten: opera. Orobat landu zuten beste genero bat: sinfonia, garai hartan genero berria gure inguruan. Musika-sormenaren eta -interpretazioaren arloak ez ezik, musika-ikerketaren eta -hezkuntzaren arloak ere sustatu ditu Elkarteak, tinko sustatu ere, azken 250 urteetan.

Ez dezagun ahaztu zein zen musikaren egoera Euskal Herrian Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zenean: musika-hezkuntza, -harrera eta -transmisioa elizetako musika-kaperetan baino ez zen oinarritzen ia. Horretaz gainera, elizek baliabide gutxi zituzten. Kontuan hartu behar dugu ez zegoela apezpiku-egoitzarik hiru probintzietan eta nobleen estamentua ahul zegoela. Ia mende osoan, Euskal Herriak ez zuen antzokirik izan antzerki-ikuskizunak eta kontzertuak egiteko, ez eta ikastetxe garrantzitsurik ere. Familia aberatsen haurrek Euskal Herritik kanpora joan behar izaten zuten ikastera. Horrexegatik da garrantzitsua Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak musika konposizioaren, interpretazioaren, hezkuntzaren eta ikerketaren arloan egindako lana.

Elkartearen lehenengo aldian, musika aldatu egin zen euskal gizartean, eta aldaketa horren eragile izan ziren Elkartearen sortzaileak, hala nola Peñaflorida, Rocaverde, Mazarredo, Mugártegui eta Samaniego, bai eta bazkide musikariak, hala nola Francisco José de Larrañaga, Manuel Gamarra, Juan Andrés de Lombide, Pedro de Landazuri, José Ferrer, Joaquin Montero eta Francisco Martin de Crucelaegui. Batik bat, Euskal Herrian jardun zuten, baina haien lana Euskal Herritik kanpora hedatu zen; besteak beste, Oviedora, Madrilera, Sevillara eta Mexikora.

Elkartearen bigarren aldian, oroz gain nabarmendu ziren Beltrán Pagola konpositorea, Francisco Gascue kritikari eta kudeatzailea, eta musikari-interprete hauek: Germán Cendoya, Juan Guimón, Alfredo Larrocha, Leonardo de Moyua eta Javier Peña y Goñi. Bigarren aldi hori batik bat Donostian gertatu zen, eta aipatzekoa da musikari horiek hezkuntzaren arloan egindako lana, bai eta ganbera-musikari dagokion balioa emate aldera egindako lana ere.

Hirugarren aldian ere, musikari ugari izan dira Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide. Hogeita hamar bat bazkide nabarmendu dira musikaren arloan. Zendu direnak soilik aipatzen baditugu, konpositoreen artean, nabarmentzekoak dira Aita Donostia, bide-erakusle izan zena Euskal Herriko musikan XX. mendearen lehenengo erdialdean, eta, harekin batera, Jesús Arámbarri, José María Olaizola, Román de Oyarzábal, Sabino Ruiz Jalón, Juan Urteaga, Francisco Escudero eta Javier Bello Portu. Interpreteen artean, nabarmentzekoak dira Isidoro Fagoaga, Nicanor Zabaleta, José María Zapirain, Luis María Bandrés eta José Manuel Azkue. Eta ikertzaileen artean, José Antonio Arana-Martija.

XX. mendearen bigarren erdialdean, musikak garapen handia izan zuen euskal gizartean, eta, horri esker, euskal gizartean tinko errotutako musika-erakunde ugari Elkartearen kide egin ziren. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen kide dira Manuel Iradier Abesbatza, Donostiako Orfeoia, Donosti Ereski Abesbatzaren Schola Gregorianista eta Peñaflorida Kapera. Halaber, 60ko urteetan, Joannes de Anchietak musikologia-institutu bat sortzearen alde egin zuen, bai eta Bilboko musika-sail baten ekintzen alde ere.

Elkartearen hiru aldien ezaugarri komunei dagokienez, aipatzekoak dira modernitate-zantzu batzuk, bai eta, arestian aipatu dugunez, genero berriak sortzearen eta interpretatzearen aldeko apustua eta hezkuntzaren eta ikerketaren arloko lana ere.

Modernitate-zantzuetako bat da Elkartean emakume konpositoreak egon direla. 1813an, Peñafloridaren zortzikoa argitaratu zen, eta, horrekin batera, beste zortziko bat, Mazarredo andrearena. Epifanía de Argaiz Munibe Peñafloridako kondesa izan zen XIX. mendean, eta hura ere konpositorea izan zen.

Aurrerabidearen seinale da, halaber, musika herrikoian izandako eragina; izan ere, herrikoi izateko, ezinbestekoa da musika etengabe aldatzea. Ez da kasualitatea J.I. Iztuetak Peñafloridako kondea aipatzea bere dantza-doinuen edizio sonatuaren hitzaurrean.

Baiezta dezakegu Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide musikariak izan zirela eta izan direla Euskal Herrian musikak izan duen aldaketaren eragile 250 urtez.

Euskal Herrian ez zegoen Europaren erdialdean bezalako nobleen gorte garrantzitsurik, ez eta XVIII. mendean musika-garapena kapitaliza zezakeen hiri-gune handirik ere. Hortaz, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak gabezia horiek bete zituen, nolabait.

XIX. mendearen amaieran, eragina izan zuen musika-hezkuntzan, eta, horri esker, Euskal Herriko konpositore ezagun ugari sortu ziren.

XX. mendean zehar, ikerketa sustatu zuen. Lehenik eta behin, Elkartea bere historia ikertzen hasi zen, XXI. mendeko euskal gizartearen jarduera artistiko nabarmenetakoenaren erroak zein diren aditzera emateko.

Elkarteko kideek musikaren arlo oro landu dute; hala nola, estetika, pedagogia, teknika, konposizioa, interpretazioa, antzerki musikala eta sinfonia kontzertantea. Esan dezakegu Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kideak direla Euskal Herrian azken 250 urteetan musikak izan duen aldaketaren eragile.

logo-ikurra2

EUSKALERRIAREN ADISKIDEEN ELKARTEKO ZUZENDARITZA

Intsausti Jauregia
P.K. 105 – 20720 AZKOITIA
Tel. 943 285 577
E-posta: intsausti.rsbap@gmail.com

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar su navegación y realizar labores analíticas. Para obtener más información sobre las cookies que utilizamos y cómo eliminarlas, consulte nuestra Política de Cookies.

Acepto las cookies de este sitio.