HISTORIA

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sorrera

MONTSERRAT GÁRATE OJANGUREN
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerarioa

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea 1764an sortu zen, Azkoitiko Insausti jauregian zenbait urte lehenagotik egiten ziren solasaldien haritik. Peñafloridako kondeak, Xabier Maria Munibek, bultzatu zituen solasaldi horiek, hain zuzen. Ilustratuen talde horri eta, batez ere, Peñafloridako kondeari esker, Plan de una Sociedad económica o academia de agricultura, ciencias y artes útiles y comercio delakoa egin zuten, eta, 1763an, Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu, plan hori idatzi zutenek beren inguruko ekonomia sustatzeko zuten interesaren erakusgarri. Horrexegatik hartzen da Peñafloridako kondea Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sortzailetzat, nahiz eta bakarra ez izan.

Plana aurkeztu eta handik urtebetera, Gipuzkoako proiektu ilustratu horrek hiru euskal probintziak batzea lortu zuen, eta halaxe sortu zen Espainiako lehenengo sozietate ilustratua. Hiru esku batu (hirurak bat) dira bat-egite horren ikur. Salvador Carmonaren garai hartako grabatu batek irudikatu zituen hiru esku batu horiek. 250 urte igaro badira ere, oraindik ere erakundearen bizitzaren ardatz da bat-egite hori. Elkartearen estatutuen 1. artikuluan jaso zen: "Elkarte honen helburua Euskal Herriak Zientziekiko, Arte eta Letra Ederrekiko duen joera eta zaletasuna lantzea, ohiturak zuzendu eta fintzea eta euskaldunen arteko batasuna gehiago sustatzea da".

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea gorpuzteko lehenengo ekintza garrantzitsuenetako bat izan zen Bergarako Errege Mintegia sortzea. 1776an sortutako erakunde hori ikerketaren eta irakaskuntzaren aitzindari izan zen Euskal Herrian. 1778an, kimika-laborategi bat ireki zuten. Laborategi horretan, Mintegiko irakasle Juan Jose eta Fausto Elhuyarren lanari esker, metal berri bat isolatzea lortu zuten, 1783an: wolframioa. Halaber, kimikako eta metalurgiako katedrak sortze aldera, izen handiko irakasleak kontratatu zituzten (besteak beste, Chabaneau fisikaria, Proust kimikaria eta Thunborg minerologoa). Era berean, Elkarteko kide batzuk atzerrira bidali zituzten ikastera, gero Mintegian irakasle izan zitezen. Hainbat lekutako ikasleek ikasi zuten Mintegian. Itsasoz bestaldeko ikasle ugari izan ziren Mintegian. Horietatik, gehienak Kubakoak ziren (31), gero Mexikokoak (21), eta gero Peru aldekoak (13).

Hasieran, Elkarteak zenbait bazkide-kategoria izan zituen: numerarioak
(8 probintzia bakoitzeko) eta supernumerarioak eta meritu onekoak. Gaur egun, estatutu berriek ezabatu egin dute numerarioen kopuru mugatua. Bestalde, bazkide ugari atzerrikoak ziren, hots, Europakoak eta Ameriketakoak. Pertsona horiek, oro har, itzal handia zuten, besteak beste, jurisprudentziaren, diplomaziaren, zientziaren, literaturaren eta ekonomiaren arloan.

Europako bazkideen artean, frantsesak izan ziren nagusi, eta, horien artean, batzuek ekarpenak egin zituzten metalurgiaren eta kimikaren arloan (Grignon, Rouelle, D'Arcet, Daubenton, Guyton de Morveau, Fourcroy, Vauquelin eta abar). Edonola ere, zalantzarik gabe, mexikar bazkideak izan ziren ugarienak. 1775ean, Elkarteak, orotara, 868 bazkide zituen Madrilen, Cádizen, Sevillan, Ameriketan eta Filipinetan, eta, horietatik, 500 baino gehiago mexikarrak ziren.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak 250 urteko historia du, eta hiru etapa izan ditu. Lehenengo etapa lehenengo urteei dagokie; hau da, sortu zenetik, hots, 1764tik, XIX. mendearen hasierara arte. Peñafloridako kondea 1785ean hil zen, eta, hurrengo urteetan, Bergarako Mintegiak eta Elkarteak makalaldi bat izan zuten, baina ez ziren desagertu. XIX. mendearen hasierako gatazka politikoak zirela-eta, Bascongada desagertu egin zen ia. Bergarako hezkuntza-erakundeak martxan jarraitu zuen, beste izen eta helburu batzuekin; Elkarteak, aldiz, ez. XIX. mendearen amaieran, ordea, euskaldun talde batek, Elkartea suspertzeko asmoz, berriro heldu zion aitzindarien espirituari, ilustratuen printzipioei jarraituz, baina unean uneko egoera kontuan hartuta. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen bigarren etapa deritzo aldi horri. XX. mendeko 30ko urteetan, Elkartearen jardunak behera egin zuen berriro ere. 1943an, ordea, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea berriro suspertu zen, indar dezenterekin suspertu ere, Jose Maria de Areilzaren etxean egindako bilera baten ostean. Bileraren helburua, hain justu ere, Elkarteari bizigarri eta bizi berria ematea zen. Izan ere, XX. mendean, Euskalerriaren Adiskideei zegokien, Mutrikoko konde zenaren hitzetan, "kultura salbatzea denboraren erasoetatik eta jendearen ezaxolatik", hots, haiei zegokien Muniberen pentsamoldea eguneratzea, gure garaian kokatuz.

Hortik aurrera, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak lanean jardun du gaur arte, hasierako helburuei jarraituz, baina estatutuak eta helburuak eguneratuta. Hasieran, bazkide numerarioen kopurua mugatua zen: zortzi numerario hiru probintzietako bakoitzeko. Muga hori, baina, bertan behera gelditu da, onuragarria baita merezimendu handiko pertsonek bazkide numerario izateko aukera izatea.

Elkartearen egiturari dagokionez, hiru batzorde daude: batzorde bat probintzia bakoitzeko. Batzorde horien biltzar zuzendariak hiru urtetik behin hautatzen dira. Horretaz gainera, Elkarteak Batzar Orokor bat du. Batzar Orokor horrek ordezkatzen du Elkarte osoa, Elkartearen zuzendariaren lehendakaritzapean. Zuzendaria da Elkarteko lehendakaria, eta hiru urtetik behin hautatzen da.

Gaur egun, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, probintzia bakoitzean dituen batzordeez gain, bi ordezkaritza ditu: bata gortean, hasieran sortu zen bezala, eta, bestea, Mexikon; izan ere, gaur egun ere, XVIII. mendean bezala, hango bazkideek garrantzi handia dute.

 

Bibliografia:

Aguilar Piñal, Francisco, Bibliografía de la Real Sociedad Vascongada de los Amigos del País en el siglo XVIII, San Sebastián, 1971.
Actas del I Seminarios de Historia de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, en el Bicentenario de la muerte del Conde de Peñaflorida, 1785-1985, San Sebastián 1986.
Actas del II Seminario de Historia de la Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, San Sebastián.
La Real Sociedad Bascongada y América, III Seminario de Historia de la RSBAP, Fundación BBV, Documenta, Bilbao, 1992.
La RSBAP y México, IV Seminario de Historia de la Bascongada, San Sebastián-México, 1994.
La RSBAP y Europa, V Seminario de Historia de la RSBAP, Madrid, 1999.
Urquijo, Ignacio: "Discurso pronunciado en el salón del Seminario de Vergara el 27 de setiembre de 1964, por D. Ignacio de Urquijo, Embajador de España. Los primeros tiempos de la Real Sociedad y su repercusión", San Sebastián, 1964.
Felipe Lorenzo, Emilio: "El Real Seminario Bascongado de Vergara y sus alumnos de Ultramar", América y los Vascos. Presencia vasca en América, Gobierno Vasco, San Sebastían, 1991, pp. 223-236.
Martínez, Julián: Filiación de los seminaristas del Real Seminario Patriótico Bascongado y de Nobles de Vergara, San Sebastián, 1972.
Recarte, María Teresa: Ilustración vasca y renovación educativa, Colección Ilustración vasca, Salamanca, 1990.

logo-ikurra2

EUSKALERRIAREN ADISKIDEEN ELKARTEKO ZUZENDARITZA

Intsausti Jauregia
P.K. 105 – 20720 AZKOITIA
Tel. 943 285 577
E-posta: intsausti.rsbap@gmail.com

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar su navegación y realizar labores analíticas. Para obtener más información sobre las cookies que utilizamos y cómo eliminarlas, consulte nuestra Política de Cookies.

Acepto las cookies de este sitio.