Etorkizuna elkarrekin zibilizatzea

Etorkizuna elkarrekin zibilizatzea

JUAN JOSÉ ÁLVAREZ RUBIO
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerarioa

Krisi gogor honen ondorioz, are joera handiagoa dugu nork bere irtenbideak bilatzeko, ‟salba dadila ahal duenak" leloari jarraitzeko eta autarkiara itzultzeko. Maiz, krisiak elkartasunaren motorra gripatzen du, eta etorkizuna lainotzen, eta ez gara gai norberaren helburuen gainetik etorkizuna ikusteko. Testuinguru katartiko eta latz horretan, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak eta haren kideok bizi, gizarte eta adimen-elkartasunaren maila goratu behar dugu, apaltasuna eta jakintza oinarri hartuta gizarte hau argitzeko eta euskal gizartearen etorkizuna elkarrekin zibilizatzeko bide emango diguten hausnarketak mahaigaineratzeko.

Inoiz baino gehiago izan behar dugu gogoan Elkartearen sorburu izan ziren balioen esanahi sakona. Gure nortasun-ezaugarriei eustea eta jasotako ondare historikoari leial izatea ez daiteke izan ohitura hutsez egiten dugun zerbait; aitzitik, beren garaiari aurrea hartzen jakin zutenei zor diegun aintzatespena da.

Wolframioaren seme-alabak gara; ez gaitzala itsutu silizioaren postmodernitate xarmagarriak. Ongi egindako lanarekiko gustua eta guztion onura sozialaren alde erantzukizun indibiduala eta kolektiboa baliatzea; ezinbestekoa da balio horiei eustea eta dagokien balioa ematea. Banakako ego eta handikerietatik urruntzen den altruismo intelektuala eta proiektu baten gainean ikuspegi berbera izatea, horiek izan behar dute gure jardunaren erreferenteak.

Presaka bizi gara, hausnartzeko eta lasai eztabaidatzeko astirik gabe. Ordulariaren mende bizi da politika. Dena egin behar dugu azkar. Presak oraina harrapatzen du, eta iraganaz ahazten gara, baita haren irakaspenez eta etorkizunerako proiekzioaz ere.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen izateko arrazoiak bultzatzen gaitu leial jokatzera gure iraganarekin, helburuekin eta asmoekin, bai eta herrialdearekiko dugun maitasuna, hots, herrialdearentzat onuragarri izateko desira zabaltzera ere, gure ekarpen zuhur, lasai eta konstruktiboenaren bidez. Ekarpen hori orainean dago iltzatuta, eta itxaropena, ilusioa, motibazioa eta geure burua hobetzeko eta gainditzeko espiritua ekarriko diguten hausnarketa-eremuak sortzera dago bideratuta. Apaltasun intelektuala izan da gure lanaren oinarri. Euskal gizartearentzako proiektu onuragarriak prestatu ditugu, eta proiektu horiek errealitate bilakatu dira. Errealitate horiek beregainak dira, eta sormen-lana dagite, besteak beste, zuzenbidearen, kulturaren, zientzien eta euskararen arloan.

Jakintsuek soilik dute orojakintza. Horregatik, auzolana egin behar dugu; hau da, gure jakintza-puskak batu behar ditugu gizarte-helburu komun baten alde. Auzolana izan da gure izaeraren bereizgarri, bai eta herrialde gisa dugun ikuspegi bateratua oztopatzen duten indibidualismoen aurkako dike ere. Diziplinartekotasuna beharrezkoa da proiektu komun batean aurrera egiteko, heterogeneotasuna eta mota askotako ikusmoldeak eta jakintzak oinarri hartuta.

Gure Elkarteak iraganari, orainari eta etorkizunari lotutako gai oro garatu eta sustatu behar du. Halaber, presente egon behar du historian, kulturan, gizartean, literaturan, hezkuntzan, ekonomian, Europa berrian eta munduan, zientzietan, teknika eta metodologia berrietan... pertsonen adimena, nahimena, jakintza, aurrerabidea eta bizikidetza egokia indartu dezakeen eremu oro landu behar dugu. Era berean, euskaldunen arteko loturak estutu behar ditugu, eta herrialdeari dagokion lekua ematen saiatu behar dugu gaur egungo historian, munduan eta kulturan.

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea sortu zeneko egoeraren eta gaur egungo gizarte-egoeraren artean hainbat paralelismo daude, eta, horretaz gainera, XVIII. mendeko proiektu horren oinarri metodologikoek eta ikuspegiek duela belaunaldi batzuk pentsaezina zen nagusitasun ideologikoa lortu dute gaur egun. Horrek guztiak lan egiteko gogoa piztu behar digu.

Berrikuntzaren bidez eta ideiak, proiektuak, erantzukizunak, ilusioak, itxaropenak, balioak eta gizarte-erronkak sortuz geureganatuko dugu etorkizuna. Eta prozesu horren argi gidariak gure Elkartearen lana izan behar du oinarri, epe laburretik eta presatik eta politikaren erritmotik urrun. Era berean, gizartearen eta res publica delakoaren kudeatzaileen zerbitzura egin behar dugu lan.

Bizi dugun krisi-testuinguru latz honek argi eta garbi utzi du gure kezken artean prestakuntzak berebiziko garrantzia duela. Orain inoiz baino gehiago, Elkarte sendo bat behar dugu, jakitun dena zer-nolako erronka dakarren lehentasunezko helburua betetzeak, hots, etorkizuna elkarrekin zibilizatze aldera prestakuntza sustatzeak. Buru-belarri aritzea, arduratzea, motibatuta egotea eta kalitatea eta eraginkortasuna bilatzea; orain inoiz baino gehiago, balio horiek gure jardunaren inspirazio-iturri izan behar dute.

Giza kapitalean inbertitzeak eta balioei buruz hausnartzeak askotan sortzen du nolabaiteko eszeptizismoa eta axolagabekeria. Plan estrategikoetan erruz agertzen diren hotsandiko adierazpenekin lotu ohi dugu hori. Plan estrategikoak, berriz, helburu bilakatzen ditugu, helburu jakin bat lortzeko tresnatzat hartu beharrean. Giza kapitalean inbertitu behar dugu, eta balioei buruz hausnartu; izan ere, euskal enpresa-sareak enpresen, gizartearen eta unibertsitatearen arteko elkarrekintza handiagoa behar du, orain beste inoiz baino gehiago. Kultura, balio eta misio ezberdinak dituzte enpresak eta unibertsitateak, baina, hala ere, lankidetza gehiago eta hobea behar dute; are gehiago, elkarri lotuta egon behar dute, eta kudeaketa-eredu jakin batzuk baztertu behar dituzte; zehazki, gizartearen baitako konpartimendu ia hermetiko bilakarazten dituztenak. Jakintzaren triangelua (hezkuntzan, ikerketan eta berrikuntzan inbertitzea) funtsezkoa da krisi honen aldapa malkarra gainditzeko. Heztea eta, are gehiago, ongi heztea erronka bat da Europako gizarte osoarentzat, bai eta gure euskal gizartearentzat ere. Proiektu kolektibo nagusi bilakatu behar dugu, gure herritarrak gaur egungo krisia gainditzera bultzatuko baititu.

 

logo-ikurra2

EUSKALERRIAREN ADISKIDEEN ELKARTEKO ZUZENDARITZA

Intsausti Jauregia
P.K. 105 – 20720 AZKOITIA
Tel. 943 285 577
E-posta: intsausti.rsbap@gmail.com

Este sitio web utiliza cookies propias y de terceros para optimizar su navegación y realizar labores analíticas. Para obtener más información sobre las cookies que utilizamos y cómo eliminarlas, consulte nuestra Política de Cookies.

Acepto las cookies de este sitio.